Baratze-saguzarra
Eptesicus serotinus

Europa eta Asia erdialdean banaturik dagoen saguzar-espezie arrunta da baratze-saguzarra. Azken urteetan burutzen ari diren azterketa molekularren ondorioz, orain denbora gutxira arte espezie bakarraren barruan sailkatzen ziren saguzarrak bi espezie ezberdinei dagokiela zehaztu da. Dirudienez, Iberiar Penintsula hegoaldean eta Afrika iparraldeko populazioak Eptesicus isabellinus espezieari dagokie, gainerakoak, Euskal Herrikoak barne, E. serotinus espeziaren barruan mantendu diren bitartean.

Eptesicus serotinus

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Chiroptera
Familia
Vespertilionidae
Deskribatzailea
Schreber, 1774
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina handiko saguzarra da, 46 eta 55 mm bitarteko besaurre-luzeeraduna. Pisua, berriz, 17 eta 28 gramo bitartekoa izan ohi da eta emeak arrak baino handiagoak izan ohi dira. Bizkarraldea arre-ilun kolorekoa izan ohi da eta ile batzuen puntak lustredunak izaten dira. Sabelaldea, berriz, argiagoa izan ohi dute. Ale gazteen kasuan ilajea grisaxka izan ohi da. E. isabellinus espezieko saguzarrak, berriz, argiagoak dira. Bi kasuetan ilerik gabeko buruko zonaldeak, belarriak eta muturra alegia, beltzak dira. Belarriak triangelu-formakoak dira, motzak, eta tragoa lineala da, punta borobilduduna eta apur bat barrurantz kurbatua. Hegoetako patagioak oinen oinarrian txertatzen dira eta lobulu postkalkaneoa ongi garaturik dago. Buztaneko azkenengo ornoa uropatagiotik at gelditu ohi da.

Hortz-formula 2.1.1.3/3.1.2.3. da eta goiko kanpoaldeko ebakortzek ertz monokuspidea dute eta barnealdekoak, berriz, bifidoa. Goiko premolar bakuna tamaina handikoa da eta kaninoa eta lehenengo molarraren arteko tarte zabala hartzen du.

Antzeko espezieak

Eptesicus isabellinus

Orain denbora gutxira arte espezie bakarraren barruan sailkatzen ziren saguzar bi hauek. E. isabellinus saguzarra, ordea, Iberiar penintsula hegoaldean eta Afrika iparraldean bizi da eta kolorez argiagoa da.


Nyctalus noctula

Gau-saguzar ertainak tragoa giltzurrun-formakoa du eta goiko kanpoko ebakortzek ertz bifidoa eta barrualdekoek monokuspidea dute, baratze-saguzarrean beha daitekeenaren kontrakoa.


Myotis sp.
Myotis blythii Myotis myotis

Tamaina berekoak diren arren, belarri luzeagoak eta trago puntazorrotzak dituzte eta ez dute lobulu postkalkaneorik.

Ekokokapena

Eptesicus serotinusen ekokokapen pultsuak bi osagaiz osatuta daude, hasieran beheraznko nabarmena duen FM osagaia ageri da eta ondoren, ia konstantea den zati bat. Osagai honetan dago intentsitate gehieneko zatia, 26 kHz inguruan. Pultsuen iraupena 10-15 ms-koa da. Igorpen-erritmoa aldatu egiten da lekuaren arabera; leku irekietan 5 pultsu segundoko igortzen dituen bitartean, leku itxietan 10 pultsu segundoko igorritzen ditu.

Banaketa

Eurasian banaketa zabala du. Europan Ingalaterra hegoaldetik eta Danimarkatik behera Mediterraneo itsasorainoko latitude-eremu guztia hartzen du. Asian, berriz, latitude marra berean Ozeano Bareraino hedatzen da, Mongolia, Korea eta Kaxmirreraino. Iberiar penintsula erdialdetik gora nahiko uniformeki hedaturik dago. Penintsula hegoaldean eta Afrika iparraldean, berriz, E. isabellinus espeziea aurki daiteke.

Euskal Herri guztian zehar hedaturik dagoen saguzarra da. Euskal Autonomia Erkidegoan 10x10 km-ko unitate ia guztietan baieztatu da bere presentzia eta Nafarroan ere leku askotan aurkitu dira koloniak.

Eptesicus serotinus Eptesicus serotinus

Habitata

Baratze-saguzarra, izenak berak dioen bezala, landaredia naturala guztiz aldatua izan den inguruetan ohiko animalia da. Koloniak 1.000 metroko altueraraino aurkitu izan diren arren, altitude baxuko inguruneak nahiago izaten ditu. Espezie honen presentzia mugatzen duen faktore nagusia gordeleku-eskuragarritasuna da. Giza eraikuntzarik ezean gordeleku gisa arroketako arrakala naturalak erabili ohi ditu, nahiz eta ezagutzen den zuhaitzetako zuloetan gordetzen den koloniarik. Hala ere, giza eraikuntzek eskaintzen dizkion aukerak muturreraino aprobetxatzea lortu du. Izan ere oso ohikoa baita pertsianen kaxetan, dilatazio-junturetan eta antzerako arrakaletan koloniak ezartzea.

Hibernaziorako erabiltzen dituen gordelekuan inguruan, aldiz, ez dago apenas informaziorik. Europako zonalde hotzetan eraikuntzatan eta zenbait kasutan kobazuloen sarreratan igaro ohi du negua eta ingurune lehorrak toleratzeko gai da.



Habitat bereko espezie gehiago

Ardea cinerea
Oryctolagus cuniculus
Aquila chrysaetos
Neophron percnopterus
Tadarida teniotis
Lanius senator
Rhinolophus hipposideros
Pipistrellus kuhlii
Anguis fragilis
Asio otus
Buteo buteo
Crocidura suaveolens
Myotis myotis
Colias croceus
Suncus etruscus
Turdus merula
Jynx torquilla
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Galerida cristata
Alauda arvensis
Luscinia megarhynchos
Lepus europaeus
Falco tinnunculus
Milvus migrans
Ciconia nigra
Falco peregrinus
Milvus milvus
Passer domesticus
Circaetus gallicus
Aglais urticae
Plecotus austriacus
Micromys minutus
Pipistrellus pipistrellus
Mus musculus
Mus spretus
Sorex minutus
Microtus agrestis
Mustela erminea
Miniopterus schreibersii
Vulpes vulpes
Myotis blythii
Vanessa atalanta
Pica pica
Cyanistes caeruleus
Tyto alba
Sorex coronatus
Microtus gerbei
Mustela nivalis
Accipiter nisus
Lepus granatensis
Talpa occidentalis
Asio flammeus
Talpa europaea
Troglodytes troglodytes
Crocidura russula
Microtus duodecimcostatus
Microtus lusitanicus
Lacerta schreiberi
Lymnocryptes minimus
Athene noctua
Turdus philomelos


Elikadura

Hegan dabiltzan intsektuetaz elikatzen da eta hegan harrapatu eta hegan jaten ditu. Oso gutxitan ehizatzen ditu geldirik dauden animaliak. Lepidoptero eta koleopteroak dira baratze-saguzarraren dietaren ardatza, nahiz eta nematozero eta dipteroek ere aipamen berezia merezi duten. Azken hauek garrantzi berezia izaten dute udaberrian, gainerako taldeetako helduak garatu bitartean. Harrapakinen tamaina 5 eta 26 mm bitartean egon ohi da.

Ugalketa eta ontogenia

Holandan egindako azterketek adierazi dutenez, emeak apirila erdialdean iristen dira kumatze-koloniatara eta maiatza bukaerarako koloniak beteta egon ohi dira. Ugalketa-sasoian koloniak ez du gordelekua aldatzen eta 15-70 alez osaturik egon ohi dira. Hauetatik % 80 inguru eme helduak izaten dira, eta gainerakoak aurreko urtean jaiotako eme subhelduak. Kolonia hauetan arren presentzia oso arraroa da, eta garai hau bakarrik edo talde txikietan igarotzen dutela uste da. Iberiar penintsula hegoaldean jaiotzak ekainean gertatzen dira, eta Europa iparraldean uztaila hasieran. Europan kume bakarra izan ohi dute emeek, eta Asian berriz, bi. Koloniaren disgregazio-prozesua, eraketa-prozesua baino geldoagoa izaten da eta abuztua hasieran hasten da. Eme batzuk urrira arte kumatze-kolonian mantentzen dira.

Jaioberriek bost gramo inguruko pisua izaten dute eta hiru asteren bueltan lehen hegaldia egiteko gai izaten dira, 15 gramo inguruko pisua izaten dutenean. Momentu honetan gazte ugari ikusi ohi dira gordelekuaren inguruan hegaka. Edoskitzaroa lehen hegaldirako amaiturik egoten den arren, zenbait kasutan beste hiru astez luza daiteke. Heldutasun sexuala lehen urterako lortzen duten arren, lehen parekatzeak normalean bigarren urtetik aurrera ematen dira. Inoiz ezagutu den alerik zaharrenak 19 urte zituen.

Espezie sedentarioa da orokorrean, eta kumatze-koloniarekiko fideltasuna oso handia izaten da.

Bizimodua

Lehen aleak eguzkia sartu eta 15-30 minutura irteten dira gordelekutik, baina eguraldiaren ondorioz apenas aktibitaterik gabe izan badira aurreko egunetan, normala da eguzkia sartu aurretik hegaldatzea. Udaberrian aktibitatea motza izaten da, ordubetetik beherakoa, baina sasoiak aurrera egin ahala aktibitate-denbora luzatuz joan ohi da bi ordu eta erdira iritsi arte. Atseden hartzeko sarritan gaueko gordelekuak erabiltzen ditu.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Ez dago espezie honetan espezializaturiko animaliarik Europan, baina hegazti harrapari ugariren dietan noizbehinka agertu ohi da, besteak beste hontz zuriarenean (Tyto alba), urubiarenean (Strix aluco), hontz handiarenean (Bubo bubo) eta belatz handiarenean (Falco peregrinus).

Kontserbazioa

Baratze-saguzarra 'Interes berezikoa' bezala sailkaturik dago EAEko Espezie Mehatxatuen zerrendan. Euskal Herriko populazioen tamaina ezezaguna da baina Iberiar penintsulan ugaria da (González 1991). Ehun aletik gorako koloniak ezagutzen dira (Benzal et al. 1988) baina orokorrean hauen tamaina txikiagoa izaten da.

Giza-eraikinetan babesten dela eta, baratze-saguzarraren mehatxu handiena ateraraztea da. Era berean, xilofagoen aurkako tratamenduak eta eraikin zaharren birmoldaketek baratze-saguzarren zenbait populazio murriztea eragin dute (Glas & Braaksma 1980). Gainera, nekazaritzan pestiziden gehiegizko erabilerak bere harrapakin nagusiak desagertzea eragiten du baita saguzarrek produktu hauek metatzea ere.

Esteka interesgarriak


Erlazionaturiko artikuluak

Euskal Herriko saguzarrak: itzal hegodunak

Antton Alberdi | 2012ko apirila

Bibliografia


Bea A. 1999. Arriskuan dauden EAEko ornodunak. Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzua. Gasteiz

Benzal, J., De Paz, O., Fernández, R. 1988. Inventario de los refugios importantes para los Quirópteros de España. Informe inédito, ICONA, : 391

Alcalde JT. 1995. Distribución y fenología de los quirópteros de Navarra. Nafarroako Unibertsitatea. Iruñea

Glas, G . H . & S. Braaksma. 1980. Aantalsontwikkelingen in zomerverblijfplaatsen van vleermuizen in kerken (Udako babesleku modura elizak erabiltzen dituzten saguzarren kontaketak). Lutra, 22: 84-95

Pérez de Ana, J. M. 1995-1996. Observaciones de quirópteros en Álava y Vizcaya. Est. Mus. Cien. Nat. de Álava, 10-11: 327-328

Aihartza, J. R., E. Imaz & J. M. Totorika. 1997. Distribution of bats in Biscay (Basque Country, northern Iberian Peninsule). Myotis, 35: 77-88
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2012/03/01 | Azken eguneraketa: 2014/08/21 | Bisita-kopurua: 2552 | Argazki nagusia: Antton Alberdi

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...