Kolia arrunta
Colias croceus

Kolia arrunta, Pieridae familiako tximeleta ezaguna da. Izenak dioen bezala, tximeleta arrunta da Euskal Herrian, eta ia txoko guztietan aurki daiteke. Generokideetatik bereiztea nahiko zaila izan ohi da, ez baitute espezie bakoitza identifikatzeko baliagarria den ezaugarri bereizgarri deigarririk. Hala ere, Colias guztien artean ugariena espezie hau da. Apiriletik azarora bitartean ikus daiteke hegan Euskal Herrian, eta espezie migratzailea da.

Colias croceus

Phyluma
Arthropoda
Klasea
Insecta
Ordena
Lepidoptera
Familia
Pieridae
Deskribatzailea
Geoffroy (1785)
Estatusa
lc

Deskribapena

Heldua (Imagoa)

Tamaina ertain-txikiko tximeleta da. 40-55 mm-ko hego-zabalera du, eta aurreko hegoak 2,8 cm neurtzera irits daitezke. Pausatzen denean, hegoak elkarren kontra itxi ohi ditu, eta ondorioz, hegoen behealdea erakusten du. Ohitura horrek asko zailtzen du espeziearen identifikazioa. 

Hegoen goialdea urre-laranja kolorekoa da, eta lau hegoen kanpoaldean orban beltz nabarmenak ikus daitezke. Orban horiek handiagoak izan ohi dira emeetan, eta orban horiak izaten dituzte beltz handiaren barruan . Aurreko hegoetan, gainera, orban beltz txiki bana ageri ohi dira. Atzeko hegoen barnealdea grisaxka da, eta erdialdean laranja argi koloreko orban bana ikus daiteke.

Hegoen behealdearen kolorea goialdearena baino askoz ere argiagoa da; hori-berdexka kolorekoa izaten da, eta ez da ertzetako orban beltz handirik nabarmentzen. Hori beharrean, bi hegoen kanpoaldean indar handirik gabeko hainbat orban ilun agertu ohi dira. Aurreko hegoen erdialdea horia da, eta ertza berdexka. Horrez gain, hegoaren goialdean bezala, behealdean ere orban beltz txiki bana ikus daiteke, baina horiek erdigune argia izaten dute.  Atzeko hego berdexka izan ohi da, eta haren erdialdean ingerada marroiak dituzten ondoz ondoko bi orban zuri nabarmentzen dira; bata handia, eta bestea, txikia. 

Krisalida (Pupa)

Hasieran berdea izaten da, kolore bizikoa maiz, baina metamorfosia gertatu ahala marroitzen edo horitzen joaten da, tximeletaren hegoen kolorea hartuz.

Beldarra (Larba)

Berde kolorekoa da, eta abdomeneko segmentuen alboetan marra zuri edo hori deigarri bat izaten du. Gorputz guztiak iletxo txikiak ditu.

Arrautza

Arrautzak ezartzerakoan kolore hori apala izaten dute, eta laranja bihurtzen dira garatu ahala.

Antzeko espezieak

Colias sp.

Hegoetako orbanetan eta koloreetan oinarrituta, oso zaila da espezie hau gainerako generokideetatik bereiztea. C. hylaeren eta C. phicomoneren aurreko hegoen azpialdea zuriagoa izan ohi da, baina orokorrean, hegoak itxita dituztenean identifikazioa ia ezinezkoa da.


Gonepteryx sp.

Colias generotik kanpo, oso espezie gutxirekin nahas daiteke; Gonepteryxekin, agian. Azken horiek, ordea, ez dute orban beltzik hegoen goialdearen kanpoaldean eta hegoak puntazorrotzak eta berdeak dira –orbanik gabeak–.

Banaketa

Kolia arruntak banaketa zabala du ipar hemisferioan. Ipar amerikan, Europa hegoaldean, Afrika iparraldean, Ekialde hurbilean, Siberia erdialdean eta Indian aurki daiteke, baina ez da alerik aurkitu Asia erdialdean. Aipatutako lurralde horietan parekatzen den arren, espezie migratzailea denez, zenbait urtetan Eskandinaviaraino iritsi izan da.

Aipatutako lurraldeetaz gain, Ozeano atlantikoko Madeiran, Azoreetan, Kanariar uharteetan eta Mediterraneoko uharteetan ere bizi da espezie hau.

Euskal Herrian lurralde guztian aurki daiteke.

Colias croceus

Garaia

Imagoak udaberri erdialdetik udazkena erdialdera arte ikusi ahal izaten dira hegan, eta urteko hainbat generazio izaten direnez, beldarrak eta krisalidak ere topatu ahal izaten dira udan. 

Habitata

Beldarrak, landare fabazeo belarkarez elikatzen direnez, zelaietan bizi ohi dira. Tximeletak ere antzerao habitatak ibili ohi dituzte; larreak, alegia. Itsas mailatik 2.000 metroko altueraraino ikusi izan den espeziea da.



Habitat bereko espezie gehiago

Lepus europaeus
Alauda arvensis
Otus scops
Dendrocopos minor
Accipiter gentilis
Aquila chrysaetos
Luscinia megarhynchos
Prunella modularis
Jynx torquilla
Dendrocopos major
Rhinolophus ferrumequinum
Rhinolophus euryale
Oryctolagus cuniculus
Turdus merula
Microtus cabrerae
Picus sharpei
Strix aluco
Myodes glareolus
Aquila fasciata
Aquila pennata
Bubo bubo
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Martes foina
Chalcides bedriagai
Caprimulgus europaeus
Fringilla coelebs
Blanus cinereus
Galerida cristata
Sciurus vulgaris
Rattus rattus
Neophron percnopterus
Sus scrofa
Ardea cinerea
Dama dama
Lanius senator
Suncus etruscus
Apodemus sylvaticus
Cervus elaphus
Rhinolophus hipposideros
Pipistrellus kuhlii
Microtus agrestis
Mus spretus
Mus musculus
Sorex minutus
Sorex coronatus
Microtus duodecimcostatus
Microtus lusitanicus
Microtus gerbei
Micromys minutus
Pipistrellus pipistrellus
Vanessa atalanta
Vulpes vulpes
Myotis blythii
Pica pica
Tyto alba
Mustela erminea
Miniopterus schreibersii
Cyanistes caeruleus
Lacerta schreiberi
Lymnocryptes minimus
Asio otus
Aglais urticae
Plecotus austriacus
Anguis fragilis
Buteo buteo
Myotis myotis
Eptesicus serotinus
Crocidura suaveolens
Asio flammeus
Talpa europaea
Troglodytes troglodytes
Crocidura russula
Athene noctua
Accipiter nisus
Mustela nivalis
Talpa occidentalis
Lepus granatensis
Turdus philomelos


Elikadura

Beldarrak Fabaceae familiako landare belarkaretaz elikatzen dira. Hirusta gorria (Trifolium pratense) eta hirusta zuria (Trifolium repens) izan ohi dira landare gustukoenak, baina zalkeetaz (Vicia sp.) eta uso-belarretaz (Medicago sp.) ere elikatzen dira. Imagoak hainbat landare belarkararen nektarraz elikatzen dira; hala nola, Vicia, Carduus eta Taraxacum generokoetaz.

Ugalketa eta ontogenia

Emeak landare fabazeoen hostoen gainean banaka-banaka jartzen ditu arrautzak. Emeak 500 arrautza jartzera irits daitezke. Arrautzek astebere inguru behar izaten dute eklosionatzeko. Arrautzatik jaiotzen diren beldarrek landare horiek jaten dituzte. Hasiera batean, fruitu eta lore gazteak jaten dituzte, eta hazi ahala, landarearen gainerako atalak ere irensten dituzte. Beldar-faseak 3-7 aste iraun ohi du.

Beldarrek landare belarkara horien zurtoinei itsatsita sortzen dituzte krisalidak. Urteko lehen belaunaldietako aleek 2-3 aste behar izaten dituzte metamorfosia gauzatzeko. Azken belaunaldian sortutako aleek, ordea, fase horretan igarotzen dute negua.

Hainbat tximeleta-belaunaldi sortzen ditu espezie honek. Lehenengoak apirila-maiatza inguruan hasten dira hegan, eta 2-3 belaunalditan sortutako aleak udazkenera arte ikusten dira.

Kontserbazioa

IUCN-ren arabera, kontserbazio-egoera onean dagoen espeziea da.

Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2012/02/02 | Azken eguneraketa: 2014/08/21 | Bisita-kopurua: 2142 | Argazki nagusia: Antton Alberdi

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...