Urubia
Strix aluco

Euskal Herriko hegazti harrapari gautar arruntena da ziurrenik urubia, ulu bereizgarri eta ezaguna duen espeziea. Tamaina ertaineko harraparia da, eta Europa guztian, Afrika iparraldean eta Asia mendebaldean hedaturik dago. Batez ere baso hostoerorkorrei loturiko espeziea izan arren,  askotariko habitatetan topa daiteke urubia, herrietako eta hirietako parkeetan barne. Ugaztun txikiez elikatu ohi da, eta ikusmen ona eta entzumen zorrotza erabiltzen ditu gauez ehizatu ahal izateko.

Strix aluco

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Strigiformes
Familia
Strigidae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina ertaineko baina itxura sendoko hegazti harraparia da. 37-46 cm-ko luzera eta 80-100 cm-ko hego-zabalera izan ohi ditu, eta 380 eta 800 gramo bitarteko pisua. Dimorfismo sexual nabarmendun espeziea da, emeak arrak baino dezente handiagoak baitira; % 25 pisutsuago izatera iritsi daitezke. Kolorazio kriptikodun lumajea du, orban marroi ilun eta argiek osatua, sabelalde argiagoarekin. Burualde borobildua dauka, belarri-xerlorik gabea, eta disko faziala lau xamarra izan ohi da. Begiak, berriz, guztiz ilunak izan ohi dira.

Antzeko espezieak

Hontz ertaina (Asio otus)
Asio otus

Urubiak ez bezala, belarri-xerlo nabarmenak izan ohi ditu hontz ertainak, eta itxura orokorra askoz ere tenteagoa izan ohi du. Begien kolorea, gainera, horia da hontz ertainaren kasuan, eta guztiz beltza mozoloarenean.


Mozolo arrunta (Athene noctua)

Mozoloa urubia baino txikiagoa da, eta urubiak bezala belarri-xerlorik ez duen arren, mozoloaren begiak horiak dira.


Hontz handia (Bubo bubo)

Antzeko hego-forma izan arren, hontz handia urubia baino askoz ere handiagoa da.

Banaketa

Eskualde Paleartikoan banaketa-eremu oso zabala duen espeziea da, Europako kontinente ia guztian (Eskandinavia iparraldean salbu), Afrika ipar-mendebaldean eta Asia erdialdean bizi baita. Iberiar penintsulako eremu guztian aurki daiteke, eta gauza bera gertatzen da Euskal Herrian ere.

Strix aluco Strix aluco

Habitata

Hostozabalen basoak eta baso mixtoak dira espezie honen bizileku nagusiak, baina arrunta da herri-inguruneetan eta hesi-bizidun eremuetan ere.  Itsas mailatik 2800 metroko altueraraino aurki daiteke.



Habitat bereko espezie gehiago

Erithacus rubecula
Fringilla coelebs
Accipiter gentilis
Coracias garrulus
Motacilla cinerea
Phoenicurus phoenicurus
Vulpes vulpes
Microtus duodecimcostatus
Suncus etruscus
Lanius senator
Dama dama
Dendrocopos minor
Rana temporaria
Troglodytes troglodytes
Crocidura russula
Caprimulgus europaeus
Cuculus canorus
Accipiter nisus
Erinaceus europaeus
Salamandra salamandra
Rana dalmatina
Talpa europaea
Lepus europaeus
Rattus rattus
Martes foina
Rhinolophus euryale
Micromys minutus
Rhinolophus hipposideros
Phoenicurus ochruros
Prunella modularis
Microtus cabrerae
Athene noctua
Colias croceus
Aglais urticae
Mustela nivalis
Alauda arvensis
Talpa occidentalis
Falco tinnunculus
Luscinia megarhynchos
Canis lupus
Blanus cinereus
Chalcides bedriagai
Myotis emarginatus
Plecotus austriacus
Passer domesticus
Trachemys scripta
Rattus norvegicus
Turdus merula
Otus scops
Bubo bubo
Rhinolophus ferrumequinum
Miniopterus schreibersii
Cyanistes caeruleus
Buteo buteo
Tyto alba
Alytes obstetricans
Cervus elaphus
Nyctalus leisleri
Pipistrellus pipistrellus
Oryctolagus cuniculus
Mustela erminea
Garrulus glandarius
Hyla molleri
Myotis bechsteinii
Myotis nattereri
Plecotus auritus
Myotis myotis
Meles meles
Sus scrofa
Anguis fragilis
Vanessa atalanta
Nyctalus noctula
Turdus philomelos
Mus musculus
Apodemus flavicollis
Lacerta schreiberi
Martes martes
Pipistrellus nathusii
Sciurus vulgaris
Dendrocopos medius
Dryocopus martius
Scolopax rusticola
Jynx torquilla
Dendrocopos major
Picus sharpei
Glis glis
Myodes glareolus
Sorex coronatus
Sorex minutus
Crocidura suaveolens
Apodemus sylvaticus
Asio otus
Nyctalus lasiopterus
Hierophis viridiflavus
Microtus lusitanicus
Microtus gerbei
Pipistrellus kuhlii
Barbastella barbastellus


Elikadura

Zuhaitzetako adarretan edo bestelako pausagunetan ezarrita zelatatzen ditu harrapakin posibleak. Hegaldi astun eta geldoa duen espeziea da, baina abiadura falta hegaldi ixilarekin konpetsatzen du; gainerako hontz gehienek bezala, hegan egitean sortutako soinuak minimizatzen dituen lumaje berezia baitauka.

Lur-saguek eta satitsuek osatzen dute espezie honen dietaren zati nagusia, baina intsektu ugari ere ehizatzen ditu (Gooders, 1982). Harrapakinak osorik irensten ditu, eta digeritu ezin dituen harrapakinen zatiak egagropila izeneko hondar-multzotan kanporatzen ditu ahotik, hegazti askok egin ohi duten moduan.

Ugalketa eta ontogenia

Urubiek urtebeteren buruan lortzen dute heldutasun sexuala, eta orokorrean portaera monogamoa izan ohi dute. Udazkenaren amaieran edo negu hasieran izaten da araldia, eta txitotze-sasoia negu amaieran hasi eta udaberrian zehar hedatzen da. Emeek 2-3 arrautza erruten dituzte normalean, 48x39 mm-ko tamaina eta 40 g inguruko pisua izan ohi dutenak. Emeek hilabete batez inkubatzen dituzte arrautzak. Txitoak altrizialak dira jaiotzean, eta 35-39 egun behar izaten dituzte lumajea garatzeko.

Txitoen biziraupen-arrakasta gurasoen adinarekin erlazionaturik dago; urubi helduek gazteek baino arrakasta handiagoa izaten dute ondorengoak aurrera ateratzeko orduan. Dirudienez, txitoentzako lortzen duten elikagai kantitate eta dibertsitate handiagoarengatik lortzen dute aipaturiko arrakasta (Sasvária et al., 2000).

Bizimodua

Zuhaitzetako zuloetan egin ohi du habia, nahiz eta noizbehinka beste hegazti batzuen habiak ere erabil ditzakeen. Utzitako eraikinetan eta arroketako zulo eta arrakaletan ere gordetzen da, neguan batez ere (Lack, 1986).

Espezie honen ohiko bizi-luzetasuna 4 urte ingurukoa da, nahiz eta inoiz ezagutu den urubirik zaharrenak 21 urte zituen.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Urubia ez da espezie askoren ohiko harrapakina baina noizbehinka hainbat hegaztik eta ugaztunek ehiza dezakete; esaterako, azeriak (Vulpes vulpes), lepazuriak (Martes foina), aztoreak (Accipiten gentilis) eta hontz handiak (Bubo bubo). Txitak izan ohi dira espezie horien harrapakin nagusiak (Sundo, 2005).

Kontserbazioa

Kontserbazio-egoera ona duen hegaztia da, banaketa zabala baitu, eta populazioek tamaina handia baitute. Europako populazioa 480.000 – 1.000.000 bikote bitartekoa dela estimatzen da, eta Iberiar penintsulako populazioa, berriz, 50.000 – 60.000 bikotekoa (Birdlife International, 2004). IUCN erakundeak LC kategorian sailkaturik dauka.

Bibliografia


Sasvária L, Hegyib T, Csörgõa I, Hahnc I. 2000. Age-dependent diet change, parental care and reproductive cost in tawny owls Strix aluco. Acta Oecologica, 21: 267-275

Sunde P. 2005. Predators control post-fledging mortality in tawny owls, Strix aluco. Oikos, 110: 461-472
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2013/05/01 | Azken eguneraketa: 2013/05/08 | Bisita-kopurua: 2075 | Argazki nagusia: Silvestr Szabó

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...