Ferra-saguzar txikia
Rhinolophus hipposideros

Euskal Herriko eta erregio paleartikoko ferra-saguzarren arteko txikiena da, izen arruntak dioen bezala. Euskal Herrian banaketa oso hedatua du eta kobazulo ugaritan aurki daitezke espezie honen koloniak. Gainerako ferra-saguzarren oso antzeko ezaugarri morfologikoak ditu, baina tamaina txikiak eta prozesu konektiboaren formak bereizgarri egiten du. Saguzar bakartia da eta maiz eraikinetan ezartzen ditu gordelekuak. 

Rhinolophus hipposideros

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Chiroptera
Familia
Rhinolophidae
Deskribatzailea
Bechstein (1800)
Estatusa
lc

Deskribapena

Esan bezala, gure arteko Rhinolophus generoko espezieen arteko txikiena da. Dimorfismo sexual apur bat dago eta emeak arrak baino txikixeagoak izan ohi dira. Emeen pisua 3,7 eta 5 gramo bitartekoa izan ohi da, eta arrena 4,2 eta 6 gramo bitartekoa. Emeen besaurrearen luzera 35,2-37,5 mm bitartekoa den bitartean, arrena apur bat haundixeagoa da, 35,7-39 mm bitartean.

Gainerako ferra-saguzarren bezala, aurpegi oso berezidun animalia da. Zelaren oinarria estua da, goruntzako ertz zuzen eta hurbiltzaileekin. Proiekzio konektiboak adar forma du eta ertza borobildua da. Belarri handiak izan ohi dituzte. patagioa orkatilan txertatzen da eta uropatagioak forma angeluarra du.

Bizkarreko ilajea arre iluna da ileon puntaren kolorearen ondoriozkoa. Ileen oinarria, berriz, gris argia da. Ilajea alde batera desplazatuz gero, ileen oinaldeko eta puntako kolore aldaketa beha daiteke. Sabelaldeko kolorea argixeagoa izan ohi da, grisaxka. Kumeen ilajea leun eta ilunagoa da. Belarri eta hegoetako mintzen kolorea ilajea baino ilunagoa da, eta atsedenaldian hegoetako patagioekin estaltzen du gorputz osoa.

Antzeko espezieak

Ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum)
Rhinolophus ferrumequinum

Ferra-saguzar handiaren tamaina, izenak berak dioen bezala, askoz ere handiagoa da.


Ferra-saguzar mediterraneoa (Rhinolophus euryale)
Rhinolophus euryale

Ferra-saguzar handia bezain handia izan ez arren, mediterraneoa ere R. hipposideros baino handiagoa da.

Ekokokapena

20-30 ms-ko luzera izaten duten pultsuak emititzen dituzte. Frekuentzia egonkorra izaten da pultsuaren ia tarte osoan eta azkenengo momentuan apur bat jaisten da. Energia maximoko frekuentzia 110 eta 115 kHz-tan izan ohi da, nahiz eta inguruneko tenperaturaren menpekoa izan ohi den. Hegaldian 106 eta 111 kHz bitartean emititzen dute 40 eta 69 ms-ko pultsuetan. Ondorioz, ferra-saguzar ertaina (R. mehelyi) eta ferra-saguzar mediterraneoarekin (R. euryale) nahastea oso erreza da.

Banaketa

Erregio paleartikoan banaketa zabala duen ugaztuna da. Irlandatik hasita Kaxmir ingururaino hedatzen da eta Etiopiatik Alemania eta Poloniarainoko latitudeetan aurki daiteke (Lanza & Finotello 1985). Iberiar Penintsulan banaketa zabal baina irregularra duen espeziea da.

Euskal Herrian herrialde guztietan aurki daiteke. Nafarroa hegoaldean falta den arren, gainerako lurralde guztietan ohiko saguzarra da. Nafarroan ipar-ekialdeko ingurune karstikoetan ageri da batez ere (Alcalde 1995).

Rhinolophus hipposideros Rhinolophus hipposideros

Habitata

Haitzuloak atsegin dituen saguzarra da eta ondorioz kareharri ugariko lurralde eta ingurune karstikoekin lotura estua du (Ibáñez 1998). Normalean zulo naturalak hautatzen dituzten arren, lurpeko egitura artifizial eta eraikinetan ere aurkitu dira espezie honen koloniak. Nafarroan kolonien kokapena aldakorra da urtaroen arabera. Urteko garairik hotzenetan gordelekua ia kasu guztietan haitzuloetan izaten duten bitartean, hilabete epelenetan eraikinetan ezartzen dituzte koloniak (Alcalde 1995). Sastraka eta zuhaixkadun inguruetan ohikoagoa da eta ur-eskuragarritasuna ere ezinbesteko faktorea da. Hala ere, Araba Errioxa bezalako inguru deforestatu eta eraldatuan, ohiko espeziea da. Altuera-hein zabalean aurki daiteke, itsas mailatik hasita 2.000 metroko altueraraino. Euskal Herrian 25 metroko altueratik 1.190 metroraino aurkitu da (Aihartza 2001).



Habitat bereko espezie gehiago

Falco tinnunculus
Passer domesticus
Trachemys scripta
Rattus rattus
Erinaceus europaeus
Fringilla coelebs
Aquila chrysaetos
Ardea cinerea
Phoenicurus phoenicurus
Phoenicurus ochruros
Rattus norvegicus
Myotis emarginatus
Otus scops
Jynx torquilla
Dendrocopos major
Picus sharpei
Alauda arvensis
Lepus europaeus
Luscinia megarhynchos
Prunella modularis
Accipiter gentilis
Dendrocopos minor
Neophron percnopterus
Lanius senator
Apodemus sylvaticus
Cervus elaphus
Dama dama
Sus scrofa
Sciurus vulgaris
Martes foina
Blanus cinereus
Caprimulgus europaeus
Chalcides bedriagai
Bubo bubo
Aquila pennata
Aquila fasciata
Ciconia nigra
Falco peregrinus
Suncus etruscus
Tadarida teniotis
Milvus milvus
Circaetus gallicus
Galerida cristata
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Milvus migrans
Strix aluco
Myodes glareolus
Sorex coronatus
Sorex minutus
Microtus agrestis
Mus spretus
Microtus gerbei
Microtus lusitanicus
Athene noctua
Lymnocryptes minimus
Lacerta schreiberi
Microtus duodecimcostatus
Mus musculus
Micromys minutus
Pica pica
Vanessa atalanta
Vulpes vulpes
Myotis blythii
Tyto alba
Cyanistes caeruleus
Pipistrellus pipistrellus
Mustela erminea
Miniopterus schreibersii
Crocidura russula
Troglodytes troglodytes
Myotis myotis
Eptesicus serotinus
Colias croceus
Crocidura suaveolens
Pipistrellus kuhlii
Oryctolagus cuniculus
Microtus cabrerae
Turdus merula
Rhinolophus ferrumequinum
Rhinolophus euryale
Buteo buteo
Anguis fragilis
Talpa occidentalis
Lepus granatensis
Mustela nivalis
Accipiter nisus
Talpa europaea
Asio flammeus
Asio otus
Aglais urticae
Plecotus austriacus
Turdus philomelos


Elikadura

Tamaina bertsuko gainerako saguzarren antzera, intsektuez elikatzen dira honakoak ere. Diptero nematozeroak, lepidopteroak eta neuropteroak dira ferra-saguzar txikiaren dietaren osagai nagusiak. Gehienetan hegan dabiltzan intsektuak harrapatzen dituzte lurretik 2 eta 5 metro bitarteko altueran. Gorotzetan, ordea, hainbat intsektu ez-hegalariren arrastoak aurkitu dira, eta honenbestez, lurrazalean pausaturik dauden ornogabeak ere harrapatzeko gai direla badakigu.

Ugalketa eta ontogenia

Kumatze-koloniak emeez osaturik egon ohi dira, batez ere, nahiz eta ar banaka batzuk ere egon ohi diren. Iberiar Penintsula hegoaldean erditzeak ekaina hasieran ematen dira eta edoskitzaroa uztaila bukaerara arte luzatzen da (Ibáñez 1998). Euskal Herrian, aldiz, bi prozesuek 15 egun inguruko atzerapena izaten dute (Alcalde 1995).

Emeakehenengo urterako emankorrak izaten dira, baina normalean ez dute bigarren urtera arte kumerik izaten.  Batezbesteko biziraupena 4 urte pasatxokoa den arren, espezie honetako banako baten bizi-luzetasunaren errekorra 21 urte eta 3 hilabetean dago.

Bizimodua

Negua igarotzeko koloniatan, antzerako beste espezietan gertatzen ez den bezala, bakarrik izaten dira (Corbet & Harris, 1991), hau da, ez dira gainerako saguzar-espezieekin nahasten, eta kobazulo hotzak hautatu ohi dituzte (Schoeber & Grimmberger, 1987). Bizimodu bakartia izan ohi dute kumatze denboralditik kanpo eta hibernatzeko koloniatan elkartzen direnean ere, bata bestearengandik hainbat metrotara kokatzen dira. Ebro bailaran, ordea, udaberrian hainbat dozenako taldeak behatu izan dira. Espezie sedentarioa da eta neguko eta udako gordelekuak ez dira 20 km-ko distantzia baino urrutiago aurkitzen.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Ez da espezie honenganako harraparitzaren inguruko informazio askorik ezagutzen, baina neguko gordelekuetan muxar grisen (Glis glis) erasoak behatu izan dira.

Kontserbazioa

Kontserbazio-arriskurik ez duen espeziea da.

Esteka interesgarriak


Erlazionaturiko artikuluak

Kobazuloak, saguzarren babesleku

Lide Jimenez | 2013ko otsaila

Euskal Herriko saguzarrak: itzal hegodunak

Antton Alberdi | 2012ko apirila

Bibliografia


Schober W, Grimberger E. 1987. Bats of Britain & Europe.

Aiharza JR. 2001. Quirópteros de Araba, Bizkaia y Gipuzkoa: distribución, ecología y conservación. Doktoretza-tesia, EHU. Bilbo

Lanza B, Finotello PL. 1985. Biogeografía dei Chirotteri italiani. Boll. Mus. Reg. Sci. Nat. Torino, 3(2): 389-420

Blanco JC. 1998. Mamíferos de España. Planeta. Barcelona

Corbet GB, Harris S. 1991. The Handbook of British Mammals. The Mammal Society by Blackwell Scientific Publications. Oxford

Alcalde JT. 1995. Distribución y fenología de los quirópteros de Navarra. Nafarroako Unibertsitatea. Iruñea
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2011/12/16 | Azken eguneraketa: 2014/08/22 | Bisita-kopurua: 2378 | Argazki nagusia: Aitor Arrizabalaga

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...